Zikoina zuri

Zikoina zuri
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCiconiiformes
FamiliaCiconiidae
LeinuaCiconiini
GeneroaCiconia
Espeziea Ciconia ciconia
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa110 g (pisua jaiotzean)
Zabalera1,91 m

Zikoina zuria (Ciconia ciconia) inoiz amiamoko zuri ere deitua[1], Ciconiidae familiako hegaztia da, Europan, Asian eta Afrikako zenbait eskualdetan bizi dena[2]. Luma gehienak zuriak eta muturrean beltz kolorekoak ditu. Helduek hanka gorri luzeak dituzte, batez beste 100-115 cm neurtzen dute eta hego-luzera 155-215 cm-koa du.

Migrazio luzeak[3] egiten dituen hegaztia da. Negua Sahara hegoaldeko Afrikako aldeetan eta Indian igarotzen du, eta udan Europan, Afrika iparraldean, Afrika hegoaldean eta Asiako hego-mendebaldean bizi da. Europa eta Afrika artean bidaiatzean, Itsaso Mediterraneoa zeharkatzea saihesten du, arinago hegan egiteko darabiltzan korronte termalik ez baitago itsasoan, eta Gibraltarko itsasartetik edo Levantetik igarotzen da.

Zikoina zuria haragijalea da: intsektuak, arrainak, anfibioak, narrastiak, ugaztun txikiak eta txoriak jaten ditu. Janari gehiena zoruan harrapatzen du, landaredi baxuko guneetan, eta ur gutxiko paduretan. Monogamoa da, baina bikotea ez du bizitza osorako hartzen. Bikote biek egurrezko habia handia osatzen dute eta hainbat urtez erabiltzen dute. Emeak urtero lau arrautza erruten ditu gehienetan. Arrautzak 33 egun inguru behar dituzte heltzeko, eta txitak bata bestearen ondoren jaiotzen dira. Bi gurasoek txandaka inkubatzen dituzte arrautzak eta elikatzen dituzte gazteak. Gazteek 58-64 egun igaro ondoren uzten dute habia, baina 7-20 egun gehiagotan jasotzen dute gurasoen janaria.

Deskribapena

Haurrentzako istorio eta kondairen protagonista, gizakiaren laguna, eraikinetan habia egin ohi duena; hain ospe handia du, zaila da ezagutzen ez duen norbait aurkitzea.

100 eta 105 cm bitarteko tamainakoa eta 155 eta 165 cm bitarteko hego zabalerakoa. Hanka eta moko luze gorri distiratsuak ditu. Oso lumaje kontrastatua eta funtsean berdina bi sexuetan eta gazteetan: guztiz zuria, hegoen atzeko erdia izan ezik, beltz-azabatxe kolorekoak baitira, erraz identifikatzea ahalbidetzen duen diseinu bereizgarria. Hegaldian eta oso urrutitik ikusita bakarrik, nahas daiteke, beharbada, sai-zuri batekin, antzeko koloreak baitauka. Baina bere lepo oso luzeari eta hanka luzatuei, buztanaren atzeko muturretik harago luzatzen direnei begiratu besterik ez dago amiamokoa sai zuriarengatik bereizteko, honek lepo laburra du eta hankak gorputzaren azpian tolestuta eramaten ditu.[4]

Biologia eta ohiturak

Gure latitudean ugaltzen diren aleek martxo aldera okupatzen dute ugaltzeko lurraldea. Eraikin zaharren, eliza-dorreen eta bestelako eraikuntzen teilatuetan jarri ohi dituzte habiak, inoiz edo behin zuhaitzetan ere bai. Urtez urte habi berdinak okupatzen dituzte, eta ugalketa-garai berri bakoitzean, konpondu eta material berriak gehitzen dituzten einean, zaharrenek bolumen handia hartzen dute. Gehienetan makila eta adar lehorrez osatuta egon ohi dira, belar-sorta, goroldio, paper, trapu eta abar tartekatuta, eta horren goialdean sakonera txikiko ahurtasun batekin, eta arrautzak jartzen dituen lekua material bigunez forratuta, eta bertan kolore zuriko 3 eta 6 arrautza bitartean erruten ditu.

Errunaldia martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran egiten du. Arrak eta emeak inkubatzen dituzte, txandaka, 33-34 egunez. Errelebo bakoitza errekonozimendu-ekitaldi korapilotsu bat izaten da, hegoen luzapenak, erreberentziak, lepoaren bihurtzeak eta mokoaren karraska ozenak, bere ahotsa entzuten uzten ez duen soinu-adierazpen bakarra.

Txitak lumatxa zuriz estalita egoten dira. Bi sexukoek elikatzen dituzte, nahiz eta lehenengo lau asteetan gurasoetako bat habian geratzen den kumeak zaintzen. Geroago, txitak hazita daudenean bakarrik geratzen dira, helduek euren paparoak betetzeko igelak, karraskari txikiak, narrastiak, arrainak, harrak edo intsektuak harrapatzen ahalegintzen diren bitartean.

Habia uztea eklosioaren ondoren 58 eta 64 egun bitartean gertatzen da, entrenamendu etapa luze baten ondoren, bertan, zikoina gazteek tarte luzeak ematen dituzte hegoak astintzen, habian zutik, muskuluak sendotzeko, hegaldiak eskatzen duen esfortzu handirako prestatzen.

Amiamokoa espezie lagunkoia da. Espeziea ugaria den lekuetan normala da kolonia txikietan ugaltzea, baina bere izaera gregarioa nabarmenagoa da ugaltze garaitik kanpo. Behin hori amaituta, taldetan biltzen dira eta oraindik uda erdian, abuztuan, lehenengoak Afrikara emigratzen hasten dira, irailean gehiengoak, atzeratuenek bakarrik, urteko gazteek normalean, urrira arte atzeratzen dute irteera.

Banaketa habitata eta estatusa

Amiamokoari lur argi eta irekiak gustatzen zaizkio; belardi, larre edo larreekin txandakatzen diren laborantzako lautada zabalak eta, batez ere , bere lurraldean eremu hezeak izatea, hala nola padurak, ibaiertzak, aintzirak, istildutako belardiak etab. Elikatzeko behar dituen ornodun txikiak, intsektuak, harrak eta molusku ugari dauden lekuak.

Bere banaketa eremua, oso etena, Asiako, Afrikako iparraldeko eta Europako klima mediterraneoko, epeleko eta estepakoetan zehar hedatzen da. Gure kontinentean atzerakada gogorra jaso du, gaur egun ere jarraitzen duela dirudiena. Europa erdialdean eta ekialdean Herbeheretara eta Alsaziara iristen den populazio gune on bat geratzen da. Mendebaldeko Europako gainerako zati gehienetan falta da, Iberiar penintsulan izan ezik. Populazio-gune ona du, baina hemen ere gainbeheran dagoena. Ebro haranetik erdialde eta mendebalde osora, Andaluziaraino hedatzen dena.

Espezie polit honen egungo egoera Euskal Herrian ezin ezegonkorragoa da. Bikote habiagile bakarra aurkitu da Gasteiztik gertu. Gure lurraldean ugaltzen den bakarra izan behar du. Ebroren ertzean ibiltzen diren beste batzuk ikus daitezke, baina Errioxako lurretan ugaltzen diren hegaztiak dira.

Duela hamarkada batzuk bakartik, lautada osoan, hego-mendebaldean eta Errioxa osoan zegoen. 1948an 30 bikote baino gehiago ugaltzen ziren Arabako eremuan. Hamar urte geroago, 22 baino ez ziren erregistratu, eta 1974an bost besterik ez ziren geratzen.

Beldurtzekoa da, bere silueta lerdena betiko ezabatuko ote da gure zerutik?

Taxonomia

Zikoina zuriak azpiespezie bi ditu:

Galeria

  • Udazkeneko migrazioaren mapa
    Udazkeneko migrazioaren mapa

Erreferentziak

  1. «Zikoina zuria» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
  2. Mullarney, Svensson, Zetterstrom eta Grant, Collins Bird Guide ISBN 0-00-219728-6
  3. Amaia Portugal: "Zikoinak gero eta nagiagoak dira, gizakion erruz" Zientziakaiera.eus
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas ySantamaria S.A., 152 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

Araozko kontuak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q25352
  • Commonscat Multimedia: Ciconia ciconia / Q25352
  • Wikispecies Espezieak: Ciconia ciconia

  • Identifikadoreak
  • GND: 4183423-9
  • LCCN: sh85146518
  • NKC: ph116880
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Datu taxonomikoak
  • ADW: Ciconia_ciconia
  • BOLD: 30435
  • Avibase: 28825494A08AFE5A
  • BioLib: 8410
  • BirdLife: 22697691
  • Dyntaxa: 100031
  • eBird: whisto1
  • Fauna Europaea: 96674
  • GBIF: 2481912
  • OBIS: 1037305
  • ITIS: 174907
  • UICN: 22697691
  • NCBI: 8928
  • Paleobiology Database: 369264
  • WoRMS: 1037305
  • Xeno-canto: Ciconia-ciconia
  • Wd Datuak: Q25352
  • Commonscat Multimedia: Ciconia ciconia / Q25352
  • Wikispecies Espezieak: Ciconia ciconia


Animalia Artikulu hau animaliei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.